Txakolina ardo zuria, gaztea eta fruta-gustukoa da. Erdi-mailako graduazioa (9,5º - 11,5º) eta bere nortasunaren parte den garraztasun-puntua ditu. Nortasun handiko ardoa dugu. Fresko zerbitzatu behar da , eta mahasgintza bereziaren ondorioz, orratz karboniko txikiekin batera, bere lurrin-sorta guztia askatzen du.
Antxoa gazituekin eta oliotako hegaluzearekin probatzea gomendatzen dugu, Getariako Txakolina egiten dugunok horixe eskainiko baitizugu Getaria, Zarautz eta Aiako upategiren bat bisitatzen baduzu.
Bertako bi mahats-barietate, Hondarrabi Zuri, mahastiaren %95 hartzen duena, eta Hondarrabi Beltza, gainontzeko %5; mahats-parretan eta besorako hazitako mahatsondo horien mahatsekin Getariako Txakolina egiten dugu.
Udazken hasieran ondo zaindutako mahats-bilketa egiten da, beti ere, azukrea eta garraztasunaren arteko oreka bilatuz, eta prentsatzeko eta hartzitzeko teknologia modernoekin, mahats berriaren lanketa arretatsua egiten da Getariako Txakolina lortu ahal izateko.
Animazio hau ikusteko beharrezkoa da Flash-en plugina izatea, ez baduzu, hemen aurki dezakezu doan.
Mahastia. Neguan, mahastia atsedenaldian dagoela, inausketa egiten da aihen emankorrak uzteko helburuarekin; horien ernamuinak udaberrian ernatuko dira eta mahats-mulkoak garatzen hasiko dira. Mahatsa irail bukaeran edo urri hasieran biltzen da, mahats-mordoak beren heltze-puntu gorenera eta azukreen eta azidotasunaren arteko orekara iristen direnean.
Upategia. Mahats-bilketa egiten denean, mahatsa zuzenean mahastitik upategira heltzen da eta, elaborazio-prozesua hor hasten da. Mahats-mordoak kontu handiz prentsatu ondoren, lortutako muztioa 15/30 egun bitartean, tenperatura kontrolatuan hartzitzen da Txakolina bihurtu arte. Upategian hilabete batzuetan atseden hartu ondoren, Getariako Txakolina dastatzeko eta botilatan sartzeko prest egongo da.